26/11/2026

CERN Workshop Challenge 2026: beste mundu batzuk irudikatzen, gurea eraldatzeko

Zer gertatuko litzateke beste planeta batean zibilizazio bat hutsetik eraiki beharko bagenu? Zer eginkizun izango lukete zientziak, teknologiak eta adimen artifizialak? Eta, batez ere, zer ikas genezake esperientzia horretatik gure planetaren erronka handiei aurre egiteko?

Azaroaren 16tik 20ra, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arabako Campuseko hainbat titulaziotako 16 ikasle arabarrek bost egun bizi izan dituzte Genevan (Suitza), IdeaSquare, the innovation space at CERN gunean, INIZIA Araba Campusek sustatutako «Design The Future – Terraforming» nazioarteko tailerraren edizio berriaren baitan.

INIZIA Araba Campuseko koordinatzaileak, Jorge Tejedor (EHUko Arabako Campuseko Ekintzailetza, Enplegagarritasun eta Transferentzia zuzendaria) eta Mireia Martínez (BIC Arabako ekintzailetza-teknikaria), Amaia Echevarriarekin batera (INEUSTAReko Project Managerra), ikasleekin izan dira jakin-mina, sormena, zientzia, ekintzailetza eta talde-lana protagonista nagusi izan diren aste honetan.

Etorkizuna irudikatu, oraina eraldatzeko

Abentura prototipatzeko lehen dinamika batekin hasi zen, eta, horri esker, ikasleek beren sormena eta diziplina anitzeko taldeetan lan egiteko gaitasuna proban jarri ahal izan zituzten.

Astean zehar, parte-hartzaileek bi erronka handiri egin zieten aurre:

  • Planet Y: beste planeta batean zibilizazio berri bat irudikatu eta diseinatzea, giza adimenak eta adimen artifizialak hainbat erronkari erantzuteko nola elkarlanean jardun dezaketen aztertuz.
  • Back to Earth: lehen erronkan eskuratutako ikaskuntzak, ideiak eta hausnarketak gure planetara ekartzea, gizateriaren egungo erronkei aurre egiteko ikuspegi eta irtenbide berriak bilatuz.

Ideiak sortzeko, prototipoak garatzeko, eztabaidatzeko eta aurkezpenak egiteko saioen bidez, ikasleek hainbat gaitasun landu dituzte, hala nola pentsamendu kritikoa, arazoak konpontzeko gaitasuna, komunikazioa, sormena eta lankidetza. Hori guztia ezarritakoa zalantzan jartzera, esperimentatzera eta ohiko mugetatik harago pentsatzera bultzatzen duen ingurune batean.

CERN barrutik ezagutzen

IdeaSquare-n planteatutako erronketatik harago, bost egun hauetan munduko ikerketa zientifikoko zentro handienetako baten gunerik enblematikoenetako batzuk ezagutzeko aukera izan du taldeak:

  • Synchrocyclotron (SC): CERNeko lehen partikula-azeleragailua.
  • Science Gateway: zientzia eta ikerketa gizartera hurbiltzeko gunea.
  • Antimatter Factory: antimateria ikertzeko instalazioak.
  • Data Centre: CERNeko datuak prozesatzeko zentroa.
  • CERNeko instalazioetan barrena egindako ibilbidea, World Wide Webaren sorrerarekin lotutako leku historikoak ezagutzeko.

Bisita horietako bakoitzari esker, ikasleek CERNeko eguneroko jarduna gertutik ezagutu ahal izan dute, baita ikerketak, berrikuntza teknologikoak eta nazioarteko lankidetzak ezagutzaren mugak zabaltzen nola laguntzen duten ere.

Inspirazio-iturri diren istorioak eta pertsonak

Esperientzia honen balio handienetako bat CERNen lan egiten duten profesionalak ezagutzeko eta ekosistema zientifiko honetan elkartzen diren askotariko profilak deskubritzeko aukera izan da.

Astean zehar, EHUko ikasle ohiak diren Jon Musitu eta Ixone Angulo izan genituen bisitan. Beren esperientzia profesionalak partekatu zituzten gurekin, CERNeko eta Genevako bizimodua nolakoa den azaldu ziguten eta ikasgeletatik harago dauden aukerak gerturatu zizkieten ikasleei.

Era berean, Gustavo Rodríguez ezagutzeko aukera izan genuen, CERNeko kazetaria eta prentsa eta hedabideekiko harremanen arduraduna. Haren eskutik, erakundearen beste alderdi bat ezagutu genuen: komunikazioa eta ezagutza zientifikoa gizarteratzearen garrantzia.

Zalantzarik gabe, asteko unerik berezienetako bat Robert Cailliaurekin, Tim Berners-Leerekin batera World Wide Webaren garapenean aitzindari eta funtsezko pertsona izan zenarekin, izandako topaketa izan zen. Gure bizitzeko, lan egiteko eta elkarrekin harremanak izateko modua eraldatu duen berrikuntza baten historia bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea izan zen. Gainera, Robertek zinema-gau bat egitea proposatu zigun, eta «Figuras ocultas» (Hidden Figures) filma ikusi genuen.

Eta, nola ez, CERNeko instalazioetatik kanpo esperientziak partekatzeko, Bains des Pâquis-en Suitzako fondue tradizionalaz gozatzeko eta parte-hartzaileen arteko loturak sendotzeko denbora ere izan genuen.

CERNen igarotako bost egun baino askoz gehiago

Azken jardunaldian, proiektuen azken aurkezpenak egin ziren, eta astean zehar ikasitakoari buruzko talde-hausnarketa egin genuen.

Ideia berriekin, galdera berriekin, lagun berriekin eta zientzia, teknologia, sormena eta ekintzailetza uztartzean sortzen diren aukeren ikuspegi zabalagoarekin itzuli gara etxera.

EHUk eta BIC Arabak sustatutako INIZIA Araba Campus ekimenetik, ikasleei beren erosotasun-eremutik ateratzeko, nazioarteko berrikuntza-ekosistemekin harremanetan jartzeko eta beren etorkizun akademiko, profesional eta ekintzailerako aukera berriak ezagutzeko aukera ematen dieten esperientziak sustatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu.

Eskerrik asko esperientzia hau posible egin duzuen pertsona guztioi eta, bereziki, IdeaSquare-ko taldeari, beste urte batez CERNeko ateak irekitzeagatik.

Merci, IdeaSquare, the innovation space at CERN, for another unforgettable adventure!

See you next year!

Ir arriba